Aurrekariak
Aurreko urteetan bezalaxe, atal honetan saiatuko gara desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldezteko 2016an azaldu dizkiguten gai guztiak aztertzen, erakunde honen jarduera esparruei buruzko zeharkako ikuspegi batetik.
Arartekoaren erakundeak, pertsona ororen eskubideak defendatzeko duen lehentasunezko eginkizuna betez, azpimarra berezia jarri izan du beti beren eskubideez baldintza- eta aukera-berdintasunean baliatzeko zailtasun handienak dituzten pertsona guztien defentsan.
Horri dagokionez, otsailaren 27ko 3/1985 Legeak honakoa dio: “Legebiltzarrak Konstituzioaren I Idazpuruak dakartzan eskubideak Legeak dionez bermatuz aldeztu, eta Autonomia-Estatutuaren 9. Atalak dakartzan demokraziazko oinarri irizpide orokorrak bete daitezenaz arduratzeko jarritako goi-karguduna da Arartekoa”. Horretarako, erakunde honen egitekoa da, herritarrek eskatuta edo bere ekimenez, administrazio publikoen jarduera kexa espedienteen bitartez ikertzea, baina, baita ere, politika publikoak eta pertsonen eskubideen babes-sistema ebaluatzea, botere publikoei gomendioak eginez nahiz pertsonen eskubideak betetzeko eta babesteko kultura indartzea xede duten txosten, analisi edo ekimenen prestakuntza sustatuz.
1. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan zehatzago aztertuko ditugu, gure iritziz, arlo honetan interesgarriak izan daitezkeen eta ekitaldi honetan bideratu diren jarduerak eta zenbait kexaren izapidea.
1.1. Hirigintza irisgarritasuna eta mugikortasuna garraioan
Zuzkidura publikoak eta ekipamendu kolektiboak erabiltzeko eskubidearen edukia abiapuntu gisa hartuta, egon litezkeen oztopo arkitektonikoak kenduz herritarrei fisikoki irisgarriak izatea bermatzearen gaia jorra dezakegu. Ekipamenduaren edo zuzkiduraren kontzeptu horren barruan, kontuan hartzekoak dira herritarrei askotariko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta emateko beharrezkoak diren azpiegiturak (urbanistikoak, garraiobideak, hezkuntzarekin lotutakoak, sozialak, kulturalak, osasunaren arlokoak, etab.).
Arlo honetan jaso diren kexetan planteatu da erabiltzaileek, bizi diren eraikinetan oztopoak daudela-eta, zailtasunak dituztela beren etxebizitza eta hiri-ingurua behar bezala erabiltzeko.
Garraioaren esparruan, zoritxarrez, gure garraiobide publikoek ezgaitasunak dituzten pertsonak beren kabuz moldatzeko dauden oztopoak kendu gabe jarraitzen dutela adierazten jarraitu behar dugu. Joan-etorrien kate osoan irisgarritasuna bermatzeko beharra oso garrantzitsua dela kontuan hartzea ezinbestekoa da, jatorritik helmugara, zenbat etapa egin diren eta zer garraio-modu erabili den alde batera utzita. Garraiobideen irisgarritasun unibertsalak herritarrek gizartean eta ekonomian aukera berdinekin aktiboki parte hartzea ahalbidetzen du.
Azkenik, erakunde honek irisgarritasuna sustatzeko gauzatu dituen ekintzei dagokienez, azpimarratzekoa da kexa askotan adierazten dela udalek ez dutela kontrolatzen lokal komertzialen jarduera berrietan edo beren erreformetan oztopo arkitektonikoak kentzeko araudia betetzen den ala ez. Erakunde honi egokia iruditu zaio udalei gogoraraztea beharrezkoa dela lokal edo establezimendu publikoak berritzen direnean irisgarritasunari buruzko araudia betetzetik salbuesteko espedienteak izapidetzea, hiri inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren V. eranskinean ondorio horretarako ezartzen den bezala. Horrela bermatzen da horrelako jardueretan beharrezkoa den kontrola benetan gauzatzen dela.
1.2. Hezkuntza
Ezgaitasunen bat daukaten ikasleak Diseinuko Goi mailako Arte Irakaskuntzara sarbidea izateko probetan txertatutako aldaketek osatzen dute erakunde honen eta hezkuntza arloko arduradunen arteko kolaborazioaren beste emaitzetako bat. Aurreko konpromiso bat betez, aurtengo (2016. urtea) proba antolatu, garatu eta ebaluatzeko emandako jarraibideetan eskainitako plazen %5 erreserbatu da %33 edo gehiagoko ezgaitasun maila aitortuta daukaten ikasleentzat.
Ezin da gauza bera esan ezgaitasunen bat daukaten ikasleek erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetara sarbidea izate aldera erakunde honek planteatutako iradokizunari dagokionez, aurreko eskolatze fasean erabateko hezkuntza normalizazioa lortzeko laguntza eta baliabideak behar izan dituzten ikasleei ezarritako erreserba handituz. Erakunde honen ustez, hezkuntza arduradunek oker interpretatu dute egin zitzaien iradokizuna. Horregatik, gure asmoa gai hau errepikatzea da.
Beste gai batzuei dagokienez, hezkuntza beharrizan bereziak dituzten ikasleen gaineko kexa kasuetan hezkuntza arduradunek izandako kolaborazio jarrera ere nabarmendu behar da; oro har, kaltetutako familiei behar bezalako erantzun azkarra eman zaie. Oro har, adibide gisa Euskadiko Dislexia Elkartearen (DISLEBI) izenean aurkeztutakoa aipa daiteke; Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak ondo hartu zuen. Kexa horretan, kexagileak kezkatuta agertu ziren hezkuntza administrazioak ez zuelako erantzunik eman dislexia daukaten ikasleen hezkuntza beharrizanei erantzun hobea emateko balizko ekarpen gisa planteatutako hainbat ekimenen aurrean, Euskadiko Logopeden Elkargoaren parte hartzearekin prestatutako “Esku-hartzeen eraginkortasuna dislexia artatzerakoan: berrikustea” izeneko txostena egin ondoren, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei arreta emateko mahai teknikoan.
Jarrera berezi horri esker, Gasteizko Gorbeialde HBI zentrora doazen ikasleen eskolatze baldintzen inguruan jasotako kexak laster bideratu ahal izatea espero dugu; EAEko hezkuntza bereziko zentro publiko bakarra da Gorbeialde HBI, eta erakunde honek ez du baztertu ofiziozko jarduketa hastea, ikasle horien osasun beharrizanei ematen zaien erantzuna aztertzeko, horren ondorioz legebiltzarrean legez besteko proposamena onartu baita.
1.3. Funtzio Publikoa
Eremu honetan, adierazi beharra dago 2016an kexa kopuru garrantzitsua erregistratu dela, familia eta lan ardurak gehiago eta hobeto bateratzeko beharra dela eta sustatutakoak. Honi dagokionez, behin betiko ebazteke ditugu oraindik gaixotasun larriak dituzten seme-alabak zaintzeko lan-jardunaldia murrizteko aukerei lotutakoak.
1.4. Ogasuna
Ezgaitasun bat izateak esfortzu ekonomiko osagarria exijitzen du pairatzen duen pertsonarentzat eta haren senideentzat, botere publikoek are gehiago aintzat hartu behar dutena, pertsona hauek herri-administrazioek burutu beharreko politiken planifikazioaren barruan sartzeko xedez, horien artean zerga administrazioa, hori guztiori Espainiar Konstituzioaren 49. artikuluak barne hartzen duen konstituzioaren agindua betez.
Botere publikoei dagokie beharrezkoak diren neurriak hartzea eta baldintzak sustatzea gizabanakoen eta taldeen berdintasuna erreala eta eraginkorra izan dadila. Ezgaitasuna duten pertsonen eskuragarri dagoen errenta handitzera zuzendutako neurriak ezartzea ezgaitasuna duten pertsonek gizartean parte hartzea eta barneratzen laguntzen dute.
Ondorioz, zerga araudiak pertsona hauei, eta zaintzen dituzten senideei ere, konpentsatzeko aukera ematen duten elementuak ezarri beharko lituzke, bere gain hartu behar duten esfortzu ekonomiko horren kostuagatik.
PFEZa ezgaitasuna duten pertsonen kolektiboan eragin handiena duen zerga da, helburu den zergak jasotako errenta mota ugari barne hartzen dituelako eta egiturak jasotzen diren errenta motak bakarrik ez, zergadunen egoera pertsonalak ere aintzat hartzen ditu. Beraz, logikoa da PFEZa legegileak gehien azpimarratu duen zerga izatea ezgaitasuna duten pertsonentzako zerga onurak zehazterako orduan. Dena den, arrazoi horregatik ere da zalantzak sortzen dituen zerga, onura horien hedapenari dagokionez, bereziki, ezarri ahal izateko errenta duena ezgaitasuna duen pertsonaren laguntza, zaintza eta arreta betebeharrak onartzen dituen senide bat denean.
Horrela, herritar batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen Bizkaiko Foru Ogasunaren PFEZa kudeatzen duen bulegoaren jardunarekin zuen desadostasuna zela eta, honek ez baitzizkion onartu zergadunak aplikatu zituen aurreko ahaideengatik eta ezgaitasuna duen pertsonagatik egindako murrizketak.
Kudeaketa bulegoak bi murrizketen aplikazioa ukatu zuen aurreko ahaidearekin bizikidetza irizpidea betetzen ez zuelako, ezgaitasuna duen pertsonarekin hain zuzen.
PFEZa kudeatzen duen bulegoak, bere jardunean, ez zituen Bizkaiko Lurralde Historikoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga erregulatzen duen abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak ezartzen dituen aurreikuspenak bete.
Ezgaitasun edo dependentziagatik egiten den murrizketa aipatutako Foru Arauaren 82. artikuluak erregulatzen du, eta hiru murrizketa kasu planteatzen dira bertan:
1. Murrizketa ezgaitasuna edo dependentzia duen zergadunari berari praktikatzea Zergaren autolikidazioan.
2. Murrizketa ezgaitasuna duen pertsonarekin bizi den senideak edo senideek praktikatzea,edo ezgaitasuna duen pertsonaren egoitza gastuak ordaintzen duten senideek, dagokion fakturarekin egiaztatzen denean betiere.
3. Ezgaitasuna duten 65 urtetik gorako pertsonak direnez, murrizketa hirugarren batek praktikatzea, edo hirugarren pertsonek, senide zuzenak ez direnak, bizi direnekin eta ezgaitasuna edo dependentzia duen pertsona euren menpe dagoenean.
Hau da, murrizketa senide batek praktikatzen duenean, murrizketa eskubidea izateko, zerga erregulatzen duen arauak berariaz horrela ezartzen duelako, beharrezkoa da zergaduna ezgaitasuna duen pertsonarekin batera bizitzea, edo bi pertsonak banatuta bizi badira, beharrezkoa da murrizketa hau aplikatzen duenak senidearen egoitza gastuak ordaintzen ari dituela egiaztatzea.
Edozein kasutan, egiaztatu behar da ezgaitasuna duten pertsonek jasotzen dituzten urteko errentak, errenta salbuetsiak kontuan hartu gabe, zergaldi zehatz horretan lanbideen arteko gutxieneko soldataren bikoitza gainditzen ez dutela.
Tokiko zergen mailan, Higiezinen gaineko Zerga, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga, Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga, zabor-tasa, eta abarrek ezgaitasuna duten pertsonek benetan eskuragarri duten errentan eragin handia izan dezaketela aitortu beharra dago. Hala ere, gaur egunera arte ezgaitasunari oso iragazkorrak izan ez diren zergak izan dira, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga, Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga eta Instalazioen eta Obren gaineko Zerga izan ezik. Kasu batzuetan, gainera, hobaria hautazkoa da, hau da, toki erakundeari dagokio, bere zerga ordenantzaren bidez, onura zehatzaren sorrera onartzea eta hobariaren funtsezko alderdiak eta alderdi formalak erregulatzea. Beste gai batzuen artean, zerga ordenantzak hobari horiek aldi berean ezar daitezkeen edo ez zehaztu behar du, beste hobari batzuekin batera ematen direnean.
Bizikidetza, ezgaitasuna duen pertsonak jasotako arretan gertutasun eta intentsitate handiagoa dagoenean bezala ulertua, erreklamatu egiten da ere senideek tokiko zerga batzuk ezartzen dituzten hobariez gozatzeko orduan, bereziki Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan. Egoera hau ibilgailua senide batek gidatu baina ezgaitasuna duen pertsona eramateko erabiltzen denean ematen da. Kasu hauetan, tokiko araudiak bizikidetza exijitzen du eta ibilgailua ezgaitasuna duen pertsona eramateko bakarrik erabiltzea.
Senide batek eramateko kasu zehatz hauetan, ibilgailua ezgaitasuna duen pertsonak bakarrik erabiltzea ezgaitasuna duen pertsonarekin bizi ez bada egiaztatzeko oztopo bat da.
1.5. Osasuna
Eremu honetan azpimarratu nahi dugu tratamendu odontologikoa behar zuen adingabearen kasuaren inguruan gertatutakoa, autismoa pairatzen duenez, anestesia behar zuena ebakuntza-gelan.
Adingabeak, Osakidetzaren planifikazioaren arabera, Gipuzkoako osasun eremuari dagozkion osasun zerbitzuak esleituta ditu. Tratamendu odontologikoak daukan plangintza, ordea, Osasun Sailak itundutako Haurren Hortzak Zaintzeko Programan (PADI) sartzen denez, ez dator bat Osakidetzaren osasun eremuarenarekin. PADIren planifikazio honen arabera, duen autismoa dela eta behar duen arreta berezia Bizkaian eman behar zaio, Sestaoko anbulatorioan, eta ebakuntza-gela behar izatekotan, Santurtziko San Juan de Dios ospitalean.
Hasiera batean Sestaoko medikuak pentsatu zuen adingabeak behar zuen interbentzioak hartzeak ez zuela ebakuntza-gelarik behar eta lasaigarri batekin egitea proposatu zuen. Ez zen posible izan eta PADIren haren odontologoarekin Ermuan hiru hilean behingo azterketa koordinatuak egitea erabaki zuten, haginaren bilakaera ikusteko. Aurrerago, odontologoak interbentzioa sedazioarekin (ebakuntza-gelarik gabe) egiteko aukeraren inguruko informazioa biltzeko gomendatu zien haren gurasoei. Izan ere, txantxarraren neurria ikusita, ezin zen gehiago itxaron.
Gurasoek, zeuden aukerei buruz informatu ondoren, hitzordua eskatu zuten Donostiako Quirón osasun-zentroan (Osasun Sailarekin itundutako zentroa, interbentzio hori behar duten Gipuzkoako pazienteentzat). Gurasoek horren berri eman zioten Sestaoko zentroari eta zentro honetan aurreikusitako hitzordua bertan behera utzi zuten. Quirónen esan zieten ezinezkoa zela sedazio bidezko interbentzioa egitea, interbentzioa luzea izango zelako eta ondorioz, anestesia orokorra beharko litzatekeelako (ebakuntza-gela).
Aurrekari horiekin, gurasoek euren semeari interbentzioa Quirónen egiteko baimena eskatu zuten. Osasun administrazioak ukatu egin zien Gipuzkoako zentro horretan interbentzioa egiteko baimena, zegokiena ez zelako. Horregatik, hitzordua eskatu zuten Sestaon eta han adierazi zieten, ebakuntza-gela behar bazuten, zegokien zentroa Santurtziko San Juan de Dios ospitalea zela.
Ikuspuntu administratibotik, Osasun Sailaren erantzuna zuzena izan zen. Laguntza prozesuaren bilakaeraren gertaerak direla-eta, ordea, Quirónera jotzeko ukatutako baimena eskatu zuten unean adingabea zegoen egoera bi proposamen terapeutikoa zen: Bizkaian zegokion zentroan (laguntza horretarako itunduta) kaltetutako hagina ateratzea proposatzen zioten; Quirón zentroan (Gipuzkoako pazienteentzako itunduta), ordea, endodontzia egitea proposatzen zioten.
Osasun Sailari arazoa modu horretan azalduta, osasun administrazioak aurrekari guztiak aztertu zituen, funtsean bi proposamen terapeutikoak, eta azkenean gurasoen nahia bideratu zuen, proposamenen espezifikotasuna kontuan hartuz.
1.6. Segurtasuna
2016an berriz ere zalantzan jarri da Bilboko Trafiko eta Aparkamendu Ordenantzak (TAO/OTA) ezartzen duen exijentzia, ezgaitasuna duen pertsonen ibilgailuen ez-ohiko erregimenean sartu ahal izateko ezgaitasuna duen pertsona ibilgailua gidatzen duena izatearena, hain zuzen (36 eta 37.1 artikuluak). Erakunde honek gai hau aipatu zuen Bilboko Udalari zuzendutako aurreko bi gomendioetan, adierazitako erregimenaren onurak aparkatzeko txartel bakarreko titular guztiei zabaltzeko (Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko ebazpena eta urriaren 29ko 24/2004 Gomendioa), onartu ez zirenak. Horretaz gain, egokitzat jo dugu aurten berriz ere gaia udalari planteatzea, kexa berri batean oinarrituz berriz ere aztertzeko, ulertzen dugulako martxoaren 22ko 50/2016 Dekretuak, aurten onartutako ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela onartzekoa, gomendioak oinarritu dituzten argudioak indartzen dituela. Udalak, hala ere, erakunde honen irizpidea onartu gabe jarraitzen du.
1.7. Etxebizitza
Etxebizitzaren eremuan, herritar batek Arartekoari bidalitako kexa aipatu behar dugu, gure esku-hartzea eskatu zuena Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzara bidali zuen eskari baten erantzuna jaso ez zuelako, bizi den udalerrian, Donostian, “BOE etxebizitza baten esleitze azkarrerako”.
Kexagileak, mugikortasun murriztu jarraitua duen pertsona batek, bere kexa idatzian adierazi zuen 2002an eman zuela izena Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan eta denbora asko zeramala egokitutako etxebizitza bat esleitzeko eskatuz.
Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzatik azaldu ziguten kexagileari 2013an aitortu zitzaiola mugikortasun murriztu jarraitua eta egokitutako babestutako etxebizitzen esleitzea legeak ezartzen duen baremazio prozeduraren bidez ere egin behar zela, eskatzaileen kopurua egokitutako babes ofizialeko etxebizitzak baino gehiago zirelako.
Ezaguna da gaur egun dagoen babestutako etxebizitzen parkearen murrizketa, herritarren eskari kopurua herri-administrazioek duten eskaintza baino askoz gehiago izatea dakarrena.
Errealitate honen aurrean, etxebizitza eskatzaileen erregistroaren eta babes ofizialeko eta erkidegoko erregimeneko zuzkidura etxebizitzak esleitzeko prozeduraren 2012ko urriaren 15eko aginduaren 50. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, alokairu erregimeneko babestutako etxebizitzak etxebizitza behar duten pertsona guztiek parte hartzen duten prozedura baten bidez eta baremazio sistema baten arabera esleitu behar dira.
Ondorioz, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen zuzena ez-ohiko neurria da eta araudiak muturreko logela-premia ematen dela aurreikusten duen tasatutako kasuetan ematen da.
Araudiaren testuinguru honetan, abian dagoen espedientearen izapidetzea bertan behera geratu zen, eta kexagileari jakinarazi zitzaion, edozein kasutan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorraren arabera, etxebizitza bat legearen arabera okupatzeko eskubide subjektiboa aitortuko zaiela kide batez osatutako bizikidetza-unitateei, urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenak eta alokairu eskatzaile bezala izena eman dutenak, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan lau urte baino gehiago daramatenak.
2. Araudi- eta gizarte-testuingurua
Duela 10 urte, 2006ko abenduaren 13an, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioa onartzeak ezgaitasuna duten pertsonentzako, euren senide eta inguruarentzako eta elkarte mugimenduarentzako ere -egite prozesuan izandako esku-hartzea erabakigarria izan zen- mugarri garrantzitsua izan zen.
Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren X. urteurrena dela eta, XXI. mendeko Giza Eskubideen lehenengo Itun hau onartu zenetik eman diren legedi aurrerapenen gaineko azaleko ibilbide bat egin da.
Jakina denez, Espainiak Hitzarmena eta haren Hautazko Protokoloa berretsi zuen 2007ko azaroaren 23an, 2008ko maiatzaren 3an indarrean sartu zena. Momentu horretatik aurrera barne ordenamendu juridikoaren parte da.
Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmen zehatz baten beharra ezgaitasuna duten pertsonen giza-eskubideetan ematen den urraketaren egiaztatze orokorretik dator, hedapen orokorra duten arauak eta hura babestea bermatzen duten nazioarteko itunak existitzen diren arren. Horrela aitortzen du hitzarmenak hitzaurrean, “arduraz ikusten du instrumentu eta jarduera anitz hauez gain ezgaitasuna duten pertsonek bizitza sozialean besteekin baldintza berdinetan parte hartzeko oztopoak izaten jarraitzen dutela eta mundu osoan euren giza-eskubideak urratzen jarraitzen direla”.
Horregatik, hitzarmenaren xede bat, 1. artikuluan dion bezala, “ezgaitasuna duten pertsona guztiek giza-eskubide eta askatasun guztiak berdintasun baldintzetan eta osotasunean gozatzea sustatu, babestu eta bermatzea, eta berezko duintasunaren errespetua sustatzea” da. Honekin esan daiteke hitzarmenak ez dituela eskubide berriak sortzen, baizik eta ezgaitasunaren testuinguruan existitzen diren giza-eskubideen Itunetan diskriminazio ezaren printzipioa ezarriz, ezgaitasuna duten pertsonei unibertsalki aitortutako eskubide guztiak baldintza berdinetan gozatu eta gauzatzea egokitu nahi du, elementu zehatzak barne hartuz.
Espainiar sistema juridikoak aurreratuenen artean dagoen legedi bat duen arren, hitzarmena berresteak araudia egokitzeko prozesu bat ireki zuen duela 10 urte, estatu mailan zein maila autonomiko edo lokalean.
Estatu mailan, abuztuaren 1eko 26/2011 Legea onartu zen, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideetan eragina duen araudia hitzarmenari egokitzeko saiakera egiten duena, eta irailaren 16ko 1276/2011 Errege Dekretua ere, zentzu berekoa, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeari dagokionean bultzada berritzailea emateko saiakera, euren bizitzako eremu guztietan, pertsonala zein kolektiboa, erabakiak hartzea errazteko, autonomia pertsonalaren eremuan aurrera egiteko eta dituzten gizarte desabantailak ezabatzeko, diskriminatzaileak direlako eta giza-eskubideak urratzen dituztelako.
Araudia egokitzeko 26/200 Legeak barne hartzen dituen araudi berrikuntzei dagokienean, ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunei, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen artikulu ezberdinak aldatzeko errepikatu dugu. Egindako aldaketen artean, gailentzekoa da Hitzarmenean jasotakoaren arabera ezgaitasunak dituzten pertsonen legezko definizioa egokitu egin zela eta abenduaren 26ko 49/2007 Legean beste zehapen osagarri bat sartu zela (lege horrek ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren esparruko zehapen-araubidea ezartzen du).
Osasun eremuan hainbat lege aldatu dira, eta ezgaitasuna pertsonak osasun administrazio publiko ezberdinekin duen harremanean diskriminazio ezaren arrazoi bezala sartu da. Horrela, ezgaitasuna duen pertsona emailea izateko aukera barne hartu da; espezializatutako osasun formazioa jasotzea erregulatu da, eta informaziorako eskubidea pertsona guztientzat eskuragarri eta ulergarri diren formatuetan erregulatu da.
Irisgarritasunaren eremuan, irisgarritasun unibertsalaren eraginkortasun osorako giltza gisa jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 10. artikuluko 2. atala eta 11. artikuluko 3. atalaren aldaketa aipatu beharra dago, jabekideen komunitateek ezgaitasuna duten pertsonek higiezinaren elementu komunak egoki erabili ahal izateko beharrezkoak diren irisgarritasun jardun eta obrak egiteko betebeharra ezartzen duena. Modu berean, komunitatearentzat derrigorrezkoa da kanpoaldearekiko komunikazioa errazteko beharrezkoak diren dispositiboak instalatzea.
Enplegu publikoaren eremuan ere, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak ezgaitasuna duten pertsonentzako plaza hutsen erreserba kopurua ehuneko zazpira igo du eta legearen arabera lehenengo aldiz ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako kuota berezia sortu da.
Araudien inguruko ibilbide honetan, martxoaren 25eko 422/2011 Errege Dekretua aipatu behar dugu, ezgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzak bermatu nahi duena. Horretarako, erregelamendu horrek hauteskunde-lokaletarako oinarrizko irisgarritasun-baldintzak eta hauteskundeekin, hauteskunde-kanpainako ekitaldi publikoekin eta hauteskundeetako propagandarekin lotutako informazio instituzionalerako irisgarritasun-baldintzak ezartzen ditu. Era berean, ezgaitasunak dituzten pertsonek bizitza politikoan parte hartzeko baldintzak zehazten ditu.
Azkenik, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta euren gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartu zuen azaroaren 29ko 1/2013 Errege Dekretu Legegilea onartzeko egindako esfortzua azpimarratu behar dugu. Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei lotutako hiru lege adierazgarri moldatu dira: Ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea; ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea eta aukera berdintasunaren eremuan arau-hauste eta zigorrei buruzko abenduaren 26ko 49/2007 Legea.
Espainia ordenamendu juridikoa Hitzarmenera egokitzeko berariazko lege bat ematen lehenengo estatuetako bat izan bada ere, baita Batzordean 2011ko irailean jarraipen txostena aurkezten ere, Herriaren Defendatzaileen Koordinazio XXVIII. Jardunaldietan, 2013ko urriaren egindakoak Hitzarmena egokitzeko eta ezartzeko azterketa egiteko, azken ondorioetan argiki egiaztatu zen oraindik gai garrantzitsu asko daudela erregulatu edo berrikusi behar direnak: premiazkoen artean ordenamendu juridikoak Hitzarmenak gaitasun juridikoarekin lotuta ematen dituen tratamendura egokitzeko legezko aldaketak, behin betiko “borondatearen aldaketa” eredua gaindituz “erabakiak hartzeko laguntza” eredua onartzeko, eta era berean, borondatezkoa ez den ospitaleratzeko neurriaren lege aldaketa, neurri hori ezgaitasun ideiatik aldentzeko eta pertsona bat (gaitasunarekin edo gabe) haren borondatearen aurka ospitaleratzeko aukera guztiak atertzeko. Azken ondorioak eta prestakuntza tailer bakoitzean egindako lanak gure web orrian eta Diputado del Común delakoaren web orrian ikus daitezke.
Defendatzaileek jardunaldi horietan partekatutako gogoetetan, ezgaitasunaren eremuan egunero jorratzen dugun lana aztertzean, bat gentozen ezgaitasunaren alorreko araudian aurrerapenak eman diren arren (bai autonomia mailan baita estatu mailan ere), askotan botere publikoek ez dituztela Hitzarmenari dagoeneko egokituta dauden arauetan ezarritako aurreikuspenei dagokionean. Era berean, egiaztatu da ohikoa dela salatutako administrazio jardunetan interpretazioa ekiditea existitzen diren eta oraindik aldatu ez diren arauen printzipioen arabera.
Araudiaren marko autonomikoan ez da eremu honen gaineko erregulazio autonomikoan aurrerapen esanguratsurik eman Hitzarmena indarrean sartu zenetik.
EAEn duela gutxi onartutako bi arau aipatu ditzakegu: ezgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartela erregulatzen duen martxoaren 22ko 50/2016 Dekretua eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea
Erreferentziadun dekretuak, bizitza independentearen eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioen arabera, euren ezgaitasuna dela eta mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuak aparkatzea errazteko neurriak osatzen ditu. 2014an estatuan onartutako Errege Dekretuari dagokionez aldaketak ezartzen ditu, helburu berdinarekin. Izan ere, ikusmen ezgaitasuna duten pertsonei, ezgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboan lan egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei eta behin-behinean aparkatzeko txartelen aurreikuspenei aparkatzeko txartela izateko eskubidea aitortzeaz gain, txartela izateko eskubidea duten titularren artean euren bizi-funtzioetarako aparatu teknikoak modu jarraituan ezinbestekoak dituzten 3 urte baino gutxiago dituzten pertsonak, edo larritasuna dela eta 4 edo 5 motako ezgaitasunarekin baloratu dituztenak ere sartu dituzte (patologia larria edo oso larria).
Euskadiko Hirugarren Sektoreko Legea bezala izendatutakoak elkarrizketa zibileko II. printzipioa eman zuen, ezgaitasuna duten pertsonen eta euren senideen antolakunde ordezkarientzat ezartzen duen eskumena, honen bidez: Nazio Batuen ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmenaren 4.3 artikulua alde batetik, eta ezgaitasuna duten pertsonen eskubideen eta euren gizarteratzearen Lege Orokorraren Testu Bategina onartu zuen azaroaren 29ko 1/2013 Errege Dekretu Legegilea beste aldetik, eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko parte-hartzea barne hartzen du gizarte esku-hartzearen eremuan politika publikoak egin, gauzatu, jarraitu eta ebaluatzean. Parte hartze hori, beste bideen artean, Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren -hirugarren sektore sozialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketa espazio nagusiena- eta euskal Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bidez osatu zen.
Ondorio gisa aipatu beharra dago gure gizartean ezgaitasuna duten pertsonek euren eskubideak gauzatzeko hartu diren neurriekin lortutako aurrerapenez gain, oraindik lan asko dagoela egiteke ezgaitasuna duten pertsonen eskubideen gaineko erreferentziadun araudi autonomikoaren eguneratzean sakontzeko. Zentzu honetan, beharrezkoak dira hura aplikatzean kontraesanak ekiditeko egokitzapen eta aldaketa zehatzak, modu horretan Hitzarmenak jasotzen dituen eskubideen eraginkortasuna bermatu ahal izateko.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
3.1. Bilerak elkarteekin
Arartekotik betidanik pentsatu dugu EAEn eremu honetan lan egiten duten erakunde horiek egiten duten lanak gure zeregina aberasten duela, kolektiboaren errealitatea ezagutzera ematen duten antena gisa dihardute eta. Hori dela eta, ezinbestean eman behar dizkiegu eskerrak, erakunde honekin etengabe lankidetzan aritzen direlako.
Ekitaldi honetan APDEMA elkartearekin biltzeko aukera izan dugu, Arabako Ezgaitasun Intelektuala duten Pertsonen aldeko Elkartea. Elkarte honek kolektiboan eragina duten gai batzuk planteatu zizkion Arartekoari, horien artean %65 edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonei diru-sarrerak bermatzeko errentaren osagarria iraungitzearen harira sortutako arazoak, eta pertsona horien gurasoak dira prestazioa jasotzen dutenak, euren menpe seme-alabak izateagatik.
Gai honekin lotuta, 2015eko uztailaren 21ean Arartekoak emandako ebazpena jakinarazi zitzaien. Horren bidez, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluaren ondorioetarako Lanbideri “seme-alaba ardurapean izateagatiko esleipenaren” kausatzaile jakin batzuei pentsioduntzat jo zitzan eta, pentsioen osagarri modalitatean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioak eten eta iraungitzeko zenbait prozedura berrikusi ditzan gomendatu zion erakunde honek.
Era berean, Lanbiderekin erakunde honek zuzendutako gomendioa onartu ez zutela jakin ondoren egindako kudeaketen berri eman genien, eta ofiziozko espediente berri bat abiaraziko zela, horretarako arrazoi nahikoak zeudelako.
Atal hau idazterako orduan Lanbideren errekeritutako erantzuna jasotzearen zain gaude.
3.2. Ezgaitasuna duten pertsonek EAEko ospitaletan dute irisgarritasunaren diagnosia
2016an bultzada garrantzitsua eman zaio Euskadiko ospitale zentroen irisgarritasunaren gaineko ez-ohiko txostena egiteari.
Txosten hau ezgaitasuna duten pertsonen kolektiboak Arartekoari egindako eskaeragatik batez ere egin da, urte hauetan, banaka edo modu kolektiboan, hainbat kexa aurkeztu dituztelako EAEko osasun-zentroetan zein ospitaleetan dauden oztopo ugariak direla eta.
Irisgarritasunari buruzko araudiaren betetze maila aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleen sistemaren gabeziak identifikatzea da helburua, ezgaitasunen bat daukaten pertsonen lekualdaketen segurtasunari eta eraginkortasunari lotuta.
Horregatik, ikerketa honen xede izan dira Osakidetzako sare publikoko ospitaleak eta Osakidetzarekin hitzarmena duten ospitale pribatu batzuk.
Hautemandako gabezietan oinarrituz, lehentasunezko ekintza plan bat ezarri nahi da, eta Euskadiko ospitale sistemaren irisgarritasunaren diagnosia izan ondoren, kaltetutako administrazioak zuzentzeko beharrezko gomendioak zehaztu behar dira, irisgarritasun araudia betetzen dela exijitzeko, modu horretan ezgaitasuna duten pertsonek diskriminatuak ez izateko eta aukera berdinak izateko duten eskubidea erreala eta eraginkorra dela bermatzeko.
Azkenik, emaitzen zabaltze publikoaren bidez erakundeen, enpresen eta gizartearen kontzientziazioa sustatu nahi da, modu horretan lortuko baita beharrezkoa den bultzada irisgarritasun zailtasun handiak dituzten pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza lortzeko nahitaezkoak diren neurriak eta ekimenak abian jar daitezen.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1. Ezgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmena indarrean sartzeak ezgaitasunak tratatzeko modua aldatu zuen. Konbentzio hori onartu zenetik, ezgaitasuna giza eskubideen ikuspuntutik tratatu behar da, eta horrek esan nahi du ezgaitasunen bat duten pertsonak eskubideak dituzten gizabanakotzat jo behar direla erabat, hau da, ez direla laguntza-politiken xede huts gisa ikusi behar.
Horregatik, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zeneko 10 urte betetzean, Arartekoak azpimarratu nahi du euskal administrazio guztiek ezgaitasuna duten pertsona guztiei, inolako diskriminaziorik gabe, giza-eskubideak eta askatasunak bermatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu behar dute, itun hau berretsi zeneko momentuan onartutako betebeharrak eraginkortasunez betez.
Ezgaitasuna duten pertsonen eskubide eta betebeharren bermea ezinbesteko baldintza da euskal gizartean sartzeko eta gizaki bezala kohesionatutako gizarte bat lortzeko helburu zintzo eta desiragarria lortzeko.
4.2. Testuinguru horretan, gure ustez egokia da, era berean, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen arloko araudi autonomikoaren eguneratzean sakontzearen beharra azpimarratzen jarraitzea, egokitzapen eta aldaketa batzuk egiteko, araudi horien aplikazioarekin lotutako kontraesanak ekiditeko eta konbentzioak jasotzen dituen eskubideak benetan gauzatzen direla bermatu ahal izateko.
Eremu honi lotutako elkarteetatik, honakoak berrikusteko beharraz ohartu da: irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea, hiri inguruen ,espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazio sistemen irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzeko apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, eta garraioaren irisgarritasun baldintzei buruzko arau teknikoak onartzeko uztailaren 10eko 126/2001 Dekretua.
Irisgarritasun eremuan nahikoa berme eta babes ematen duen araudi bat izan arren, 1997an dagoeneko irisgarritasun printzipioa eta ezgaitasunaren tratamendurako gizarte eredua barne hartzen zuena, erakunde honek askotan egiaztatu ahal izan du euskal herri-administrazioek hura ezartzean interpretazio mugatzailea egin dutela, arauan bertan zehaztutako oinarrizko printzipioetatik aldendutako jardunak burutuz eta aurrerago Itunean aitortu direnak.
Edozelan ere, uste dugu premia duela botere publiko guztiek haien jardueren premisa gisa irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua gain har dezaten eta herritar guztien beharren aniztasunari erantzuten dion ingurunea sortu dezaten. Horretarako, jendea biltzen den eraikin, establezimendu eta instalazioetan irisgarritasuna bermatzen duten ezinbesteko neurriak, lurraldea antolatzeko tresnak, hirigintzako planak eta urbanizazio-proiektuak abian jarri behar dituzte.
4.3. Hala, gogorarazi behar dugu ezgaitasunak ezgaitasuna duenaren ahalmen ekonomikoa ez ezik haren familia-ingurunearena (aurreko ahaideak, ezkontideak eta ondorengoak) ere murrizten duela, benetan eskuragarri daukaten errenta mugatzen duten gastu gehigarri batzuk gain hartu behar dutenena. Zentzu horretan, ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean sartzeko eta bertan normaltasunez parte hartzeko ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar dute egunerokotasunean, beraz, desiragarria da zerga-neurriek ahalegin hori kontuan hartzea. Ezin dugu alde batera utzi botere publikoei dagokiela beharrezkoak diren neurriak hartzea eta baldintzak sustatzea gizabanakoen eta taldeen berdintasuna erreala eta eraginkorra izan dadila.
4.4. Beharrezkoa da ezgaitasunen bat duten pertsonek haien eskubide guztiak baliatzeko eta gizartean guztiz parte hartzeko aukera emango dien ekintza positiboaren neurriak hartzen sakontzea. Horretarako, gizarte politikek ezgaitasunen bat duten pertsonen autonomia erraztu ere egin behar dute parekatzea lortzeko. Ezgaitasunen bat duten pertsonek modu indibidualean haien bizitza-eredua eraiki eta ezarri ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak behar dituzte.
4.5. Amaitzeko, adierazi nahi dugu ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean baldintza berberetan parte har dezaten era askotako trabak gainditzeko, erabakigarria dela herri-administrazioek gizartearen kultura-arloko eraldatzeari zuzendutako sentsibilizazio-, sustapen- eta prestakuntza-jarduerak gara ditzaten, aukera berdintasuna eta bereizkeriarik eza kontuan hartuta, baita egoera horren, arrazoien eta ondorioen ezagutza handiagorako aukera eman dezaten ere.